XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orduan, nola da posible euri-urak kararria disolbatzea? Hau azaltzeko, eta aldi berean erliebe karstikoaren eraketa ulertzeko, prozesuan gertatzen diren erreakzio kimikoetara jo beharko genuke, baina horiek ulergaitz samarrak gertatuko litzaizkizuke oraingoz.

Hala ere, prozesuan atmosferak duen karbono dioxidoak zuzenean parte hartzen duela jakin behar duzu.

Atmosfera zeharkatzen duten euri-tantek, lurrera erori aurretik, atmosferako karbono dioxidoaren parte bat jasotzen dute; orduan euriak izaera azidoa bereganatzen du, eta pixkanaka kararria disolbatzeko gai da.

Erliebe karstikoen ezaugarrien artean lurpeko galeriak daude. Galeriak lurrazalarekin komunikatuta daude batzuetan baina ez beti, eta kasu askotan lurpeko ibaiak dituzte barnean.

Hauen eraketan garrantzi handia du harri-masak duen arraildura-sarea; izan ere, ura bertatik higitzen denean disolbatzen baita harria, irudian ikus dezakegun bezala.

Euri-ura arrailaduretan infiltratzen da

Euri-urak azido karbonikoa darama eta harria disolbatzen du, arrailadurak zabalduz

Erliebe karstikoaren eraketan kararriaren arraildurek duten garrantziaz hitz egin dugu. Nola sortzen dira arraildura hauek?

Hau ulertzeko zera pentsatu behar dugu, harria nolabaiteko sakoneran eratu zela eta bere gainean zituen beste harri batzuen presioa jasaten zuela.

Egun gainazalean ikusten badugu, higadurak gaineko harri hauek desagertarazi dituelako da; hori dela eta, kararriak ez ditu lurpean pairatzen zituen presioak jasaten.

Pisu hau galtzerakoan harriak deskonpresioa jasaten du, hau da, hedatzeko joera erakusten du, baina plastikotasun gutxiko material solidoa denez (erraz deformatzen den plastilina ez bezala), hautsi egiten da eta arestian aipatu ditugun arraildurak agertzen dira.

Erliebe karstikoaren garapena hobea izango da harri-masa lodiagoa (geologoek harri masibo deitzen dutena) denean.

Arraildurak harri-geruzen barnean gertatzen dira.

Geruza oso lodia bada, arraildurek dimentsio handiagoak izango dituzte eta sare konplexuagoa eratuko dute.

Non garatuko da hobeto karsta Iberiar Penintsulan, iparraldeko ala hegoaldeko kararrietan? Arrazoitu zure erantzuna.